XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): T (tumorearen tamaina da), N (tumoreaz kutsaturiko gongoil edo ganglioak) eta M (urruneko metastasiak, tumoreak barreiatzen dituen lantzeak).

Urdaileko minbizian esate baterako, lau estadio edo maila daude: I, II, III, eta IV. Tumorearen garapena, I estadioan hasi eta sendabiderik ezean IV-raino helduko litzatekeela esan dezakegu, pazientea hilez.

T. M.ak neurtzeko, farmazi etxeek (laborategi komertzialek) KIT izenaz ezagutzen diren erreaktibo-multzoak saltzen dituzte.

Delako KIT batekin, 40 bat T. M.ren neurketak egin daitezke eta epe laburrean iraungi egiten da.

Hortaz aparte, kontuan izan behar da etxe komertzial ezberdinetako kit-ekin lortutako emaitzak ez direla berdinak izaten.

Horregatik ospitale bakoitzak ahal dela beti marka bera erabili behar du, eta ospitaleak berak ezarri behar ditu bere N.G.M.k (Normaltasunaren Goi-Mailak).

Orain, minbizi ezberdinetan erabilgarriak diren T. M.ak aipatuko ditugu.

LISERI-APARATUAN: CEA, TPA, CA 19-9, CA-50, AFP, TATI, CA 72-4, SCC, PAO.

Gizakiongan maizenak liseri-aparatuko minbiziak izanik, aparatu honetan T. M.ak oso sakon aztertu dira.

T. M. asko daude liseri-aparatuko minbizietarako baliagarritzat aurkeztu direnak.

IKERKETA PROPIOA Guk, Gurutzetako Ospitaleko Kirurgi Zerbitzuan, T. M. talde bat aztertu dugu urdaileko eta hestelodiko minbizietan, eta baita behazun-bidekoetan ere.

Aztertu ditugunetatik, T. M. batzuk ezagunak dira, baina badaude berriak ere: CEA (Ag. Kartzinoenbrionarioa), CA 19-9 (Karbohidratodun CA 19-9 Ag.), CA-50 berria (CA 19-9arekin erlazionatua, baina hura legez inmunoglobulina Ig. G izan beharrean Ig. M dena, eta hura ez bezala Lewis positiboetan ere agertzen dena), TPA (ehuneko antigeno polipeptidikoa), T. M. multzo honetako poliklonal bakarra), eta TATI, berria hau ere (Tumor Associated Trypsin Inhibilor).

T. M. hauen N.G.M. (Normaltasunaren Goi-Maila) ondokoa da: CEA 5 ng (nanogramo)/ml(mililitroko), CA 19-9 37 U (unitate)/ml, CA-50 30 U/ml, TPA 80 U/l, eta TATI 30 mg (mikrogramo)/l (litroko).

Aztertu ditugun Tumore-Markatzaile hauek, bat ezik, antigorputz monoklonalez neurtu ditugu, eta TPA da hain zuzen antigorputz poliklonalez neurturiko Tumore-Markatzailea.

Ikerketa honetan, urdaileko minbiziaz (urdaileko adenokartzinomaz) diagnostikaturiko 101 paziente, hestelodiko minbiziaz diagnostikaturiko beste 100, eta behazun-bideko butxadura onbera zein gaiztoa zuten beste 168 paziente erabili ditugu.

Paziente guztiei, ebakuntza aurretik eta ondorengo 8 egunetan aipatu T. M.ak neurtu zaizkie odolean RIA (erradioinmunoentseiua) bidez.

Hestelodiko minbizidunei, hortik at urteko jarraipena egin zaie bi hilero hasieran eta 3 edo 6 hilabetero CEA, CA 19-9, CA-50 eta TPA T. M.ak odolean neurtuz.

Lehenago ere esan duguna baieztatu ahal izan dugu, zenbat eta tumore garatuagoa (handiagoa), T.M.-neurri handiagoa aurkitzen dugu.

Honen adierazgarri CEArekin urdaileko eta hestelodiko tumoreetan (adenokartzinomak denak) aurkitutako sentsibilitatea (3. irudian ikus dezakezue) tumore-estadioa igo ahala igoz doa.

Eta estadio aurreratuetan, sentsibilitatea ezezik pazienteek duten T. M. (Tumore-Markatzaile)-kopurua ere askoz handiagoa da eta ebakuntza baino lehen T. M.ek iragarlena egiteko balio dutela aurkitu dugu.

Oso maila altuan daudenean, tumore handi eta erresekagaitzaren seinale dira (Ikus 4. irudia).

Horregatik N.G.M. (Normaltasunaren Goi-Maila) dagoen bezala, Erresekagarritasunaren Goi-Maila (E.G.M.) bat ezar daitekeela ikusi dugu.

CEA eta TPArekin E.G.M. hau erabiliz lortutako emaitzak, 5. irudian ikus daitezke.